sábado, 19 de enero de 2013

Recomendación semanal (17 de enero)


Aste honetan liburutegitik Kirmen Uriberen azken nobela “Mussche” izenekoa gomendatu nahi dizuegu.

Kirmen Uribe Ondarroan 1970.ean jaio zen arrantzale familia batean. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatuko graduondoko ikasketak egin zituen Trenton (Italia). Bere lehenengo literatur sari handia kartzelan zegoela jaso zuen 1995.ean, intsumiso zelarik (derrigorrezko soldaduzkara joan nahi ez zuelako). Becerro de Bengoa Saria, Jon Elordirekin batera moldatu zuen "Lizardi eta erotismoa” lanagatik.

2009ko urrian Espainiako Literatur Saria eman zioten, Bilbao–New York-Bilbao nobelarengatik. Kirmen Uribek 2008ko Kritika Saria, Euskarazko nobelaren alorrean idazlan berari esker jasoa zuen.

Kirmen Uriberen bigarren nobela, “Mussche” 1937ko maiatzean abiatzen da, milaka haur Santurtziko portutik erbestera atera dituztenean; haien artean dago Karmentxu, zortzi urteko neskatoa, Flandriako Gante hirian babesa hartuko duena Robert Mussche idazlearen etxean. Eta hortik aurrera, Bigarren Mundu Gerraren amaiera arte, kontakizunak gatazka garai zail eta gordinetan barrena ibiliko gaitu.


Robert Mussche idazle flandiarra da Uribek taxutu duen eleberriko protagonista. Gizon engaiatua izan zen Mussche, Flandriako alderdi sozialistako kidea. Kataluniatik gerra kronikak idatzi zituen. Bigarren mundu-gerraren ondotik, nazien aurkako Erresistentziako kidea izan zen. Nazien kontzentrazio eremuak ere ezagutu zituen.
Musscheren bizitza ikertu du Uribek, eta horren kronika dokumentatua eta fikzio zertzeladak uztartuz, laguntasuna, maitasuna, gurasotasuna eta konpromisoa bezalako gaiak jorratu ditu

Literaturarako grinaz, elkartasunez gerraren kontra, bizipozez amodioan, Erresistentzian borrokan, kuraia handiz presoaldian… Robert Mussche idazlearen izaera eskuzabalak zirrara sortzen du, baina aldi berean baita larritasuna ere.



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada