viernes, 18 de octubre de 2013

Recomendación de octubre

Hilabete honetako errekomendazioa hau da: "Ipuin batean bezala" Joan Mari Irigoien idatzitakoa.

Lan emankorra zor dio euskal literaturak Joan Mari Irigoien Donostiarrari. Izan ere, 40 urteko ibilbide profesionalean hainbat jenero landu izan ditu: haur eta gazte literatura, nagusientzako literatura eta baita poesia ere. Hala ere, bere lanik oparoenak nagusien nobelagintzan aurki ditzazkegu. Ingeniaritza ikasketak egin zituen arren, bere lan munduratzea beste zereginetara zuzendu zen: irakaslea izan da, EITBko pelikulen itzultzailea, Egin egunkariko zuzentzailea...

Gaztetan Hego Amerikara maiz bidaiatu zuen eta bertako literatura gertutik ezagutzeko aukera izan zuen: Garcia Marquez, Benedetti, Vargas Llosa... Dena den, bere idazlerik kuttunena Juan Rulfo izan da beti. Kezka existentzialak izaten dira normalean Irigoienen nobelen ardatza. Halaber, euskal gizartearen eta gertaera historikoen deskribapenak maisuki tartekatzen ditu. Idazlearen nobela ezagunenak ondorengoak dira: Oilarraren promesa, Babilonia, Ipuin batean bezala, Lur bat haratago, Odolean neraman eta Bestea da mundua.

Guk, Ipuin batean bezala, irakurtzera gonbidatu nahi zaituegu. Amodioa eta maitasuna dira eleberriaren ardatza nagusiak. Hala ere, ez da ohiko amodioa liburuan isladatzen dena. Sara da istorio honen protagonista. Emakume honen bizitza ez da erraza izan eta bizi izan dituen maitasun pasadizoak ere ez dira pelikuletan agertzen diren abentura zoriontsu horietakoak. Sergiorekin maiteminduta dago Sara eta horrek bizilekuz aldatzera behartuko du, Alpujarretaraino jarraituko du Sergio. Baina gauzak ez dira uste bezalakoak izango, Sergiok bertan beste emakume bat ezagutuko duelako. Harreman hori hautsi ondoren, Sarak Emmanuel ezagutuko du, baita honek bizi duen drogekiko menpekotasuna ere.

Bikoteen arteko harremanen zailtasunei buruz idatzi nahi izan du Joan Marik liburu honetan, harremanen argiak eta baita itzalak ere hartu izan ditu kontutan, eleberriari errealitate puntu garrantzitsua emanez. Nahiz eta urteak igaro diren eleberria argitaratu zenetik, zalantza barik, irakurtzea pena merezi duen liburuetako bat da Ipuin batean bezala liburua.



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada