miércoles, 29 de octubre de 2014

Urriko gomendioa: Inon ez, inoiz ez


Iban Zaldua idazlea donostiarra da, gaur egun Gasteizten bizi den arren. Historia lizentziatura ikasi zuen eta egun, idazteaz gain, Ekonomiaren Historia irakasten du.
Egilearen lehenengo obrak 80ko hamarkadakoak dira, hala ere, bere lan nagusiak 90ko hamarkadatik aurrera idatzi ditu. Euskaraz zein erdaraz idazten du eta bere generorik kuttunena ipuingintza da. Bere obren artean ondoko hauek aurki ditzazkegu: “Gezurrak, gezurrak, gezurrak”, “La isla de los antropologos y otros relatos”, “Itzalak”, “Etorkizuna”...
Adituen arabera, euskal idazle gutxi dira narrazio oso laburrak edo mikroipuinak Zalduak bezain ongi idazten dituztenak. Bestalde, nabarmendu beharra dago idazle honen bereizgarririk nagusiena: paradoxaren erabilera. Izan ere, gai baten inguruko ipuinak idatzi ohi ditu, ipuin guztiak desberdinak izan arren gero batu egiten dira gai nagusi baten azpian. Gomendatzen dizuegun liburu honetan ere errekurtso hori erabili du Zalduak. Bere obretan fikzioa eta errealitatea maiz nahasten dira, beste errealitate bat sortuz: hiper-errealitatea. Azpimarratzekoa den beste ezaugarri bat da elementu dramatikoei ematen dien ironiazko ikutua.
Ibanen azken lana ipuinez jositako liburu mardula da, azken hilabeteotan euskal libururik salduenen zerrendan bere lekua egin duena. Hiru atal nagusietan banatuta dauden gai desberdineko 38 istorio dira. Batzuk 7 orrialdeko ipuinak dira, beste batzuk, ordea, orrialde batera ia heltzen ez direnak, baina guztietan Zalduaren estilo propioa antzematen da. Irakurleak fantasiaz beteriko kontakizunak aurkituko ditu baina baita euskal gatazka politikora hurbiltzen diren ipuinak ere.

Euskara jatorrean eta zuzenean idatzita dago baina apaindura handirik gabe, horrek irakurtzea errazten duelarik. Arin irakurtzen den ipuin bilduma da, ezinezkoa da aririk galtzea, mikroipuinak izanda hamar minutu besterik ez baitira behar ipuin bat hasi eta bukatzeko. Ipuin gehienak bukaera irekia uzten dute, gogoetarako eta eztabaidarako aukera ematen dutenak, hori dela eta, ikasturte honetan irakurle klubean komentatuko dugun lehenengo lana hau izango da. Horretarako, 20 ale ditugu liburutegian, nahi duenak har ditzan. Azaroaren 27an, osteguna, arratsaldeko 18:30ean liburutegian bilduko gara lan honen inguruan iritziak trukatzeko. Anima zaitezte!


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada