martes, 23 de febrero de 2016

Lander Garroren eleberria otsailerako


Lander Garroren azken lana gomendatu nahi dizuegu: “Gerra txikia”. Euskal idazle eta argazkilaria dugu Lander. Oreretako idazle honen beste lanak hurrengoak dira: “Orain galdera berriak ditut”, “Ez merkeenak! Bai onenak!” eta “Kontrarioa”. “Gerra txikia” da orain arte idatzi duenenetik iritzi onenak jaso duen lana, beraz, horretan zentratuko gara.

“Gerra txikia” liburuaren protagonista Xabi Ugarte da, bere aita errefuxiatua den mutikoa. Liburuak 1983ko urriko goiz batean du abiapuntua. Une horretan ama, Xabi eta honen anai-arrebak trena hartzen dute Hendaia jomuga izanda. Momentu horretatik bertatik garai horretako egoera politiko eta historikoaren lekuko bihurtuko gara. Baina istorio honen narrazioak badu berezitasun aipagarri bat. Izan ere, gertakariak Xabi gaztearen ikuspuntutik kontatuta daude.

Batzuen iritziz, hasiera geldoa da Lander Garroren eleberriarena. Irakurri bezain laster harrapatzea espero baduzu, agian astuna bihurtzeko aukera izan daiteke. Hala ere, orrialdeak aurrera pasatu ahala gertaeren erritmoa biziagoa egingo da eta irakurtzen jarraitzeko beharra sentituko du irakurleak.

Gaia alaia eta erraza ez den arren oso ondo landuta dago. Estilo desberdinak tartekatzen ere dohain berezia erakutsi du Garrok. Izan ere, momentu hunkigarriak nagusi izan arren barre egiteko uneak ere aurkituko ditu irakurleak. 

Ez bitan pentsatu eta etorri liburutegira eleberri honen bila!


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada